Want to make creations as awesome as this one?

Transcript

Protokolo hau, indarkeria matxistaren prebentzioan, detekzioan eta esku-hartze zein interbentzioan oinarriturik dago. Protokoloaren zeregin nagusia nerabeen artean indarkeria matxista kasua detektatzen denerako jarraibide argiak ematea bada ere, garrantzizkotzat jotzen da indarkeria matxista kasuak jasaten edo jasateko arriskuan dauden neska gazteen kasuak ekidin ahal izatea, horregatik, prebentzioari ere bere lekua emateko beharra argia da. Era berean, nerabeen arteko indarkeria matxistaren kasu gehienak indarkeria psikologikoaren arloan eta bikote harremanean ematen denez, indarkeria detektatzeko zailtasunak egon ohi dira; hori dela eta, detekzioari berebiziko garrantzia eman behar zaio, indarkeria matxista jasaten ari den edo jasateko arriskua duen nerabe edo gaztearen kasua lehen bai lehen hartatu ahal izateko.

INDARKERIA MATXISTAREN PROTOKOLOA

ELKARBIZITZA HEZKIDETZA ISABEL GALLEGO GORRIA ESKOLA

INDARKERIA MATXISTA Hau izango da kontzeptu nagusia, tradizioz esleitutako genero-eskemak –intersexualak, transgeneroa, transexualak, homosexualak, lesbikoak, eta ohiko sexu/genero eskema birsortzeari uko egiten dioten emakumeak eta gizonak– apurtzen dituzten gorputzei espazio fisiko eta sinboliko guztietan egiten zaizkien indarkeria mota guztiak barnean hartzen dituena, gorputz intsumiso horiek pairatzen dituzten zuzeneko indarkeriaren adierazpen askotarikoak haurtzaroan agertzen direla eta, hainbat molde hartuta, bizitza osoan mantentzen direla ulertuta.

INDARKERIA SEXISTA Izen hori erabiliko dugu tradiziozko sexu/genero eskeman emakume gorputz sinbolizatu guztiek espazio guztietan pairatzen dituzten indarkeria molde guztiak adierazteko. Indarkeria sexistaren barruan, indarkeria moldeak edota indarkeria egiten den leku sinbolikoak adierazten dituzten kontzeptuak, kontzeptu juridikoekin lotura dutenak, erabiliko ditugu.

Genero-indarkeria Genero-indarkeria terminoa erabiliko da indarkeria sexista, edozein moldetan, bikotekideak edo bikotekide ohiak egiten duenean. Definizio horrek bat egiten du 2004ko abenduaren 29an BOEn argitaratu zen Genero indarkeriaren aurka oso- osoko babesa emateko neurriei buruzko Lege Organikoan jasota dagoenarekin: indarkeriazko egintza oro, fisikoa nahiz psikologikoa, baita sexu- askatasunaren aurkako erasoak, mehatxuak, derrigortzeak edo nahierara askatasunaz gabetzea ere, gizonezkoek beren ezkontide diren edo izan diren emakumeei, edo haiekin antzeko maitasun-harremanak dituzten edo izan dituzten emakumeei ezartzen dizkietenak, nahiz eta elkarbizitzarik ez izan. Amari tratu txarra egiten dion aitarekin edo aita biologikoa izan gabe gizonezko bikotekidearekin hazi diren haur eta nerabeek pairatzen duten indarkeriak zer garrantzi duen aintzakotzat hartzeko, genero-indarkeriaren biktimak kontzeptua zabaldu egingo da, errealitate hori ere barnean har dezan. Kontzeptu horren barruan daude indarkeriari aurre egiten dion emakumearen ardurapean dauden adingabe guztiak.

Sexu-indarkeria Onartzen ez den sexu-izaerako jokaera guztiak sartzen dira. Egungo kontzeptu juridiko guztiak kontuan hartzeko, sexu-indarkeriak dituen hiru moldeak bereiziko dira: Sexu-erasoak: indarkeria eta larderia tartean daudenean. Sexu-abusuak: indarkeriarik eta larderiarik gabe egiten direnean. Horren barruan daude nahimenezko edo adimenezko ahalmena mugatua dutelako baliozko ezagutza ez duten emakumeei egindako abusuak ere barruan daude. Sexu-jazarpena: ahozko jokaerak zein ahozkoak ez diren eta fisikoak diren jokaerak, sexuizaerakoak eta nahi ez direnak, laneko, irakaskuntzako edo antzeko harremanen esparruan egiten direnak, emakumearen duintasunaren aurka jokatzeko edota larderiazko ingurune aurkako, laidogarri, umiliagarri edo iraingarria sortzeko asmoz edo sortzearen ondorioz.

Familia barruko sexu-indarkeria Familia egitura pribilegiatua da sexu/genero/sexualitate sistema birsortzeko orduan, eta, hortaz, leku erreal eta sinbolikoa da, eta bertan nesken, nerabeen eta emakumeen aurkako indarkeria egiten da.

Prebentzioa eta sentsibilizazioa: Indarkeria matxistaren fenomenoarekin amaitu ahal izateko estrategikoa eta, beraz, zeregin garrantzitsuenetakoa, indarkeria matxistari aurre egiteko prebentzioa eta sentsibilizazioa egitearena da. Estrategia hauen jasotzaile garrantzitsuenak, era berean, haur, nerabe eta gazteak dira, hain zuzen, identitatearen garapen eta egikaritze fasean daudelako, eta beraz, garai honetan sortzen direlako aurrerantzean izango dituzten harremantzeko dinamiken oinarriak. Indarkeria matxistaren prebentzioaz hitz egiten ari garenean, indarkeria matxistaren fenomenoaren inzidentzia gutxitu edo ekiditeko ekimen multzoez ari gara. Prebentzioa, era berean, beti landu beharreko atala da, hau da, indarkeria matxistaren kasuak eman ez direnean, hauek ekidin ahal izateko, bai eta indarkeria matxista kasuak eman ondoren ere, hauek ez kronifikatzeko. Prebentzioaren helburu nagusietako bat, komunitatea sentsibilizatzea da, edozein motatako indarkeriak justifikaziorik izan ez dezan. Zentzu honetan, sentsibilizazioa, indarkeria matxistarekin amaitu ahal izateko iruditeria kolektiboan aldaketa bultzatzeko egiten diren ekimen multzo pedagogiko eta komunikatibo moduan definituko genuke.

INDARKERIA MATXISTAREN BESTE MOLDE BATZUK Indarkeria matxistaren beste molde horiek berekin duten adierazpen zuzenaz gain, egiturazko intolerantzia sinbolikoa dago maitasun- eta sexualitate-adierazpen horien aurka, gizartean oso onartuta dagoena eta birsortu egiten dena, eta, hala, indarkeria horren hiru molde ezagunenen aurkako egundoko gizarte-fobia sortu da: Transfobia: gorputz intersex, transexual edo transgeneroen aurkako ezinikusia eta gaitzespena. Era estrukturalean hainbat indarkeria mota daude, patologizazio medikotik eraso fisikora eta bakartzera eraman dezakeen indarkeria zuzeneraino. Lesbofobia: beste emakume batzuekin maitasun- eta sexu-harremanak dituzten emakumeen aurkako ezinikusia eta gaitzespena. Bikote horiengan sexua ikusezin bihurtzea lesbofobia molde ohikoenetako bat da, baina ez bakarra, arau heterosexuala haustearen aurkako indarkeria matxista mota hori indarkeria sexistaren adierazpenez osatzen baita. Homofobia: beste gizon batzuekin maitasun- eta sexu-harremanak dituzten gizonen aurkako ezinikusia eta gaitzespena. Indarkeria matxista mota hau bereziki oldarkorra da gainerako gizonek zuzenean adierazteko orduan, eta horri gehitu behar zaio heteronormatibitateari aurre egiten dioten eta betiko maskulinotasunaren oinarriak zalantzan jartzen dituzten gizonen aurkako arbuioaren zama sinbolikoa.